Abr
04
2018

EACNUR eta Munduko Medikuak, "Ahaztutako Krisien Funtserako" aukeratutako proiektuak

EACNUR eta Munduko Medikuak, "Ahaztutako Krisien Funtserako" aukeratutako proiektuak
Categoría: 
Gizartea

Nafarroako Kutxa Fundazioak 150.000 euro bideratuko ditu 2018an krisi humanitarioen arloko bi proiektu baliabidez hornitzeko. Hain zuzen, luzaro irauten duen egoera batean nazioarteko nahikoa laguntza jasotzen ez duten bi proiektu dira.

Adituen batzorde batek erakunde adituen 8 proiektu balioetsi ditu guztira, eta bi proiektu lagunduko dira: lehena, EACNUR erakundearena, Afrika Erdiko Errepublikan osasunaren arloan esku hartzeko ekimen bat; bigarrena, Munduko Medikuak erakundearena, Saharar Errefuxiatuen Kanpamentuetan, herrialde horretako saharar eremuetan arazo oftalmologikoak arintzeko.

Ahaztutako krisiak, hain zuzen, krisi humanitario larriak dira, Nazioarteko Komunitatearen eskutik erantzun eskasa jasotzen edo erantzunik jasotzen ari ez direnak. Hala, ez dute babesa emango dien estaldura mediatikorik ere. Egoera hori denboran luzatzen bada, kaltea jasan duten pertsonengan eragin kroniko txarra baino ez da etorriko, eta kolapso humanitarioa ere ekar lezake horrek.

Ekarpen ekonomikoaz gain, Nafarroako Kutxa Fundazioaren asmoa da arreta sozial handiagoa lortzea gertatzen ari diren eta gizartearen zati handi batentzat ezezagunak diren egoera horien gainean. Horregatik, Nafarroako Kutxa Fundazioak bere baliabideetako batzuk bideratu nahi ditu era horretako krisi humanitarioek jasotzen duten arreta urria arintzeko.

Hedatzea lehentasunezko helburua da, komunikabideen edo beste bide batzuen bitartez (hitzaldiak, erakusketak, dokumentalak...). Pertsona horiek bizitzen ari diren egoera ezagutaraztea funtsezkoa da ahaztutako krisiak izateari uzteko.

Laguntzak emateko lehentasunezko irizpidea ECHOk (Laguntza Humanitariorako Bulegoa) egindako FCA (Ahaztutako Krisiaren Ebaluazioa) izan da. Ebaluazio hori, hain zuzen, hainbat adierazletan dago oinarrituta; esaterako, herrialdearen zaurgarritasuna, estaldura mediatikoa, biztanleko laguntza publikoa eta ebaluazio kualitatiboa, ECHOko unitate geografikoek eta hango pertsona adituek egindakoa.

Eskatutako zortzi proiektuetan gehien errepikatutako esku hartzeko arloak hauek izan dira: oinarrizko giza beharrizanak, osasunaren, hezkuntzaren eta edateko ura eskuratzearen arloetan eginiko eskaerekin. Erakunde hauek aurkeztu zituzten proiektuak: Munduko Medikuak, Alboan, Gurutze Gorria, EACNUR, UNRWA, Intermon Oxfam, Gosearen Aurkako Ekintza eta Unicef. Nafarroako Kutxa Fundazioak erakunde horiek guztiek eginiko ahalegina, gauzatutako lana eta erakutsitako interesa eskertzen ditu.