Jul
09
2018

Nafarroa, solidarioagoa. Nafarroako Kutxa Fundazioko Patronatuaren karta

Nafarroa, solidarioagoa. Nafarroako Kutxa Fundazioko Patronatuaren karta
Categoría: 
Fundazioa

Nafarroako Kutxa Fundazioaren patronatua berritu ondoren, erakundea Nafarroaren aurrerabide sozial, ekonomiko eta kulturalerako erreferente bihurtzeko konpromisoaren berri eman genuen. 2018ko otsailean, bestalde, gure lehen hilabeteen balorazioa partekatu genuen herritarrekin, eta hauxe egiaztatu genuen: XXI. mendeko gizarte ekintzak erronka berriak dakartzala, eta hausnarketan eta ekintza bateratuan oinarrituta bakarrik ekin diezaiekegula erronka horiei.

Horregatik, iragarri genuen plan estrategiko bat landuko genuela, bertan Fundazioaren datozen urteetako helburuak definitzeko. Bada, behin fase hori amaituta, hemen gaituzue berriz ere, gure bide-orri izango den plan estrategikoa jendaurrean aurkezteko asmoz. Pentsatzekoa den moduan, Nafarroako Kutxa Fundazioak protagonismo berezia izan du plan estrategikoren lanketan, sozietate horren baitan sortua delako eta hari zor zaiolako.

Plan estrategikoan Fundazioaren jarduera eta orientazio ereduak markatu nahi izan dira 2018- 2022 aldirako, kontuan hartuta gizartea eraldatzen ari dela. Tresna honi esker, era ordenatu, koherente eta sistematizatuan erakundearen gaur egungo errealitatea eta ingurunea aztertzeko eta horren inguruan hausnartzeko aukera izan du Nafarroako Kutxa Fundazioak, bai eta honako hauek aztertzeko aukera ere: zer egin nahi duen eta nora iritsi nahi duen, nola eta zer jardueraren bidez lortu nahi duen hori, zer baliabide dituen horretarako, eta zer trena dituen helburuak betetzen ari ote diren jakiteko.

Azken batean, erakundea elkartasunaren eta aurrerabide sozialaren arloetan erreferente izateko bultzada berri bat eman nahi duen tresna da plan estrategikoa, baina, aldi berean, gizarteak hala identifikatzea lortu nahi dugu. Planean ezarrita dagoenez, Nafarroako Kutxa Fundazioaren ekimen guztiak bideratuko dituen iparra pertsonenganako eta haien ongizatearekiko konpromisoa izango da, eta helburu hori betetzeko jarduerek zeharkako klabe metodologikoak izango dituzte lagun: beste erakunde batzuekiko elkarlana eta sare lana, berrikuntza eta pilotatzea, herritarrekiko elkarrekintza prozesuen eta jardueren irisgarritasun unibertsala, eta ekonomia, lurralde, kultura eta genero zuzentasuna, esate baterako. Eta hori guztia hiru printzipio utziezinetan oinarrituta: gardentasuna, independentzia eta zorroztasun profesionala.

Horregatik, lau ardatz estrategiko definitu ditu ekintzarako: egoera ahulenean dauden pertsonen arreta; elkartasuna, parte-hartzea eta bizikidetza sustatzea; ikerkuntza, hezkuntza, kultura eta ondare artistikoa bultzatzea; eta Fundazioaren kaudimen instituzional, ekonomiko eta teknikoa bermatzea.

Ardatz horiek nolabait bat datoz datozen lau urteetan izango ditugun erronka edo apustuekin:

Hasteko, egoera ahulenean dauden pertsonei laguntzeko erabaki irmoa hartu dugu, gure zentroetan nahiz beste batzuekin elkarlanean osasun arazo kronikoak, ezintasuna edo bakardade egoerak eragindako arazoak dituzten pertsonen errehabilitazio funtzional eta psikosozialerako jarduerak abian jarrita.

Bigarrenik, elkartasunaren aldeko apustua egingo dugu, arazo sozial berrietan arreta berezia jarrita: alokairu sozialeko etxebizitzen beharra, etorkinen integrazioa, ludopatia gazteengan, landa eremuen despopulatzea...

Hirugarrenik, gure apustuak izango dira unibertsitateko ikerkuntza, praktikan eta ekintzailetzan oinarritutako heziketa, lurralde osoan arte eta kultura garaikidea sustatzea, eta Nafarroako ondare kultural material eta materiagabearen kontserbazioa eta zabalkundea.

Eta azkenik, baina abiapuntu gisa eta aurreko guztia ahalbidetuko duen baldintza logiko eta palanka gisa, Fundazioaren kaudimen instituzional, ekonomiko eta teknikoa hobetzen lagunduko duten mekanismoak abian jartzen saiatuko gara.

Argi daukagu etorkizunean Fundazioa Nafarroako erreferenteetako bat izango dela elkartasunaren eta aurrerabide sozialaren arloetan, eta jarrera proaktibo, berritzaile, eraginkor eta kaudimenduna izango dituela bereizgarri. Ez da lan makala, badakigu. Helburu sakonak dira, lortzeko zailak, baina zeregin horretan, gauza bat daukagu alde: Nafarroako Kutxa Fundazioan argi daukagu arlo horietan egindako aurrerapauso orok gure gizartea justu, solidario, eta bidezkoagoa izaten lagunduko duela, hots, gizartea hobetzen lagunduko duela. Plan estrategikoan jasota dago helburu horri egin nahi
diogun ekarpena, bai eta gure konpromisoa helburu hori betetzearren lan egiteko. Plana orain jarriko da abian eta Nafarroako gizarte osoaren parte-hartzea behar du, lanketa prozesuan behar izan zuen bezalaxe.