Eratzea eta identifikazio datuak

 

Nafarroako Kutxa izaera bereziko fundazio bihurtu zenekoa

Banku fundazio bihurtu zenekoa

Erakunde sortzaileak

Hasierako hornidura

Erregistroa eta protektoratua

Zerga estatusa

Egoitza soziala

 

Nafarroako Kutxa izaera bereziko fundazio bihurtu zenekoa
2013ko ekainaren 25ean onartu zuten Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Navarra izenekoa izaera bereziko fundazio bihurtzea, eta “Nafarroako Kutxa Fundazioa” izenarekin eratzea. Izaera bereziko fundazioek, aurrezki kutxen finantza jarduerak eta ongintzazkoak zein gizarte jarduerak bereiztearen ondoriozkoek, euren gizarte ekintza kudeatzen dute, eta horretara bideratzen dituzte funtsen emaitzak, bai eta euren ondarea osatzen duten partaidetzak zein inbertsioak ere. Eragiketa hori era zehatzagoan ezagutzeko, esteka honetan kontsulta daiteke administratzaileen txostena.

Banku fundazio bihurtu zenekoa
2014ko uztailaren 31n, Nafarroako Fundazioen Erregistroak Nafarroako Kutxa Fundazioa banku fundazio gisa inskribatu zuen, eta haren estatutuak aldatu zituen.
2014ko otsailean, Fundazioaren Patronatuak erabaki zuen izaera bereziko “Nafarroako Kutxa Fundazioa” “Nafarroako Kutxa Banku Fundazio” bihurtzea, eta zegokion estatutu aldaketa egitea bultzatu zuen. Erabaki horren bitartez, bere izaera juridikoa Aurrezki Kutxei eta Banku Fundazioei buruzko abenduaren 27ko 26/2013 Legera egokitu zuen erakundeak. Bertan xedatuta dagoenez, banku fundazio bihurtu behar dute izaera bereziko fundazio guztiek, baldin eta partaidetzaren bat baldin badute bankurekin batean, eta, horrenbestez, aukera badute administrazio organoko kideren bat izendatzeko edo kargugabetzeko. Eta horixe zen, hain justu, Nafarroako Kutxa Fundazioaren kasua.
Banku fundazio bihurtzeko erabakia onartu ondoren, fundazioak bere estatutuak aldatzea bultzatu zuen. Nafarroako Gobernuaren Erabakiz eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministroaren Aginduz onartu ziren estatutuak, 2014ko ekainaren 27an, Espainiako Bankuak aurretik aldeko txostena idatzita.
Onartutako estatutu berriekin bat etorrita, fundazioak banku izaerako eta ongintza zein gizarte helburuko fundazio pribatuaren izaera berrira egokitu zuen bere erregimen juridikoa.
Fundazioak bere estatutuen arabera jardungo du; betiere, indarrean dagoen araudiarekin bat etorrita (bereziki, Aurrezki Kutxei eta Banku Fundazioei buruzko abenduaren 27ko 26/2013 Legearekin eta Fundazioen eta Babes Jardueren Zerga Erregimena arautzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearekin bat etorrita). 

Erakunde sortzaileak
Gaur egungo “Nafarroako Kutxa Banku Fundazioa”, hain zuzen, izaera bereziko “Nafarroako Kutxa Fundazioa” banku fundazio bihurtzearen ondoriozkoa da. Eta aldi berean, fundazio hori garai bateko Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Navarra izaera bereziko fundazio bihurtzearen ondoriozkoa.
Bestalde, Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Navarra erakundea sortu zen, zehazki, 2000. urtean, Caja de Ahorros de Navarrak (Nafarroako Foru Aldundiaren erabakiz 1921ean sortua) Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Pamplona (Iruñeko Udalaren erabakiz 1872an sortua) xurgatuz izandako bat-egitearen ondorioz.
Bata bestearen atzetik izan diren egitura aldaketa eta eraldaketa horietan guztietan eutsi egin zaio garai bateko Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Navarraren nortasun juridikoari. Nahiz eta izenez zein forma juridikoz aldatu, eutsi egin dio bere nortasunari, bai eta gizarte ekintzari ere.
Horregatik, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala jotzen dira, oraindik ere, fundazioaren erakunde sortzailetzat. 

Hasierako hornidura
Fundazioaren hasierako hornidura, hain justu, ondare garbiaren kontabilitateko balio garbiaren ekarpen bakarraren bidez osatu zuen Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Navarrak, zehazki, izaera bereziko fundazio bihurtu zenean. Orotara, hornidurazko ondasunen balioa 213.997.000 eurokoa zen eraldaketa gertatu zen egunean.
2014an, fundazioaren hornidura 601.000 euro handitu zen, fundazioak Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Navarraren Gizarte Ekintza xurgatu eta likidatu ostean.
Gaur egun, Fundazioaren Patronatuak onartutako azken urteko kontuen arabera, fundazioaren hornidura 209.452.000 eurokoa da.

Erregistroa eta protektoratua

Nafarroako Kutxa Fundazioak izaera bereziko fundazio gisa eman zuen izena Nafarroako Fundazioen Erregistroan, Lehendakaritza eta Justizia Departamentuaren Zuzendari Nagusiaren uztailaren 18ko 478/2013 Erabaki bidez, 312 zenbakiduna.

2014an, Lehendakaritza eta Justizia Departamentuaren Zuzendari Nagusiaren uztailaren 31ko 512/2014 Erabaki bidez, izaera bereziko “Nafarroako  Kutxa Fundazioa” “Nafarroako Kutxa Banku Fundazio” bihurtu izana eta haren estatutuak aldatu izana inskribaturik geratu zen Nafarroako Fundazioen Erregistroan.

Fundazioa, gaur egun, Nafarroako Foru Erkidegoaren Administrazioko Protektoratuaren begiradapean dago. Hark egikaritzen du, ekonomia arloan eskumena duen edo arauz gaitasuna ematen zaion beste departamenturen baten bitartez.
Gaur egun, Nafarroako Gobernuaren Ogasun eta Finantza Politikako Departamentuak egikaritzen du Fundazioaren Protektoratua.

Fundazioaren estatutuen 52.2 c) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, protektoratuak eskumena dauka protektoratuaren ordezkari bat izendatzeko. Hark parte hartu ahal izango du fundazioaren kide anitzeko organoen bilkuretan, hitzarekin baina botorik gabe.
Ogasun eta Finantza Politikako Kontseilariak 31/2015 Foru Agindua eman zuen, irailaren 28koa, Elena Garde Macías izendatzeko Fundazioaren Protektoratuaren ordezkari.

Zerga estatusa
Fundazioak 10/1996 Foru Legeari heltzen dio, uztailaren 2koa, Fundazioen Zerga Erregimena eta Nafarroako Babes Jarduerak arautzen dituena.
Fundazioa erakunde pribatua denez, ongintza eta gizarte izaerakoa, zerga araudiak era horretako erakundeei aitortzen dizkien onurak eta eskubideak dauzka.

Helbide soziala
2015eko otsailaz gero, hauxe da fundazioaren egoitza zentrala eta helbide soziala:
“CIVICAN” eraikina, Pio XII.aren etorbidea, 2, Iruñea (31002).